miƩrcoles, 23 de diciembre de 2009

martes, 3 de noviembre de 2009

Gu bezalako haurrak

Hezkuntza plan berria gaztelania eta euskara parean jarriko ditu

2009-11-03

Eusko Jaurlaritzako curriculum dekretu berriek ez dute euskara lehenesten

«Elebitasun orekatua» lortu nahi dela esan du Zelaa sailburuak, eta «doktrinatzea» saihestuko dutela

Jon Rejado.

Gasteiz

Datorren ikasturterako indarrean egongo dela uste du Zelaak
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez du euskara lehenetsi nahi ikastetxeetan. Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak atzo aurkeztu zituen Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa arautzeko curriculum dekretu egitasmoak, eta horietan euskara eta gaztelera parekatu dituzte, hain zuzen. Neurri horrek, aurreko gobernuak erabakitakoaren aurka, «elebitasun orekatu» bat lortzeko helburua duela nabarmendu zuen Zelaak.

Hizkuntzen artean «mailaketa hierarkikoa» egin nahi izan duten egitasmoak hizkuntza errealitatea ukatu duten «zentzugabekeriak» izan direla uste du Zelaak. Are gehiago, aurreko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak euskarari garrantzi handiagoa emateko dekretua «alferrikako iraina» izan zela nabarmendu du. «Gehitu beharrean kendu egiten zuen».

Hizkuntzak parekatzeko asmoak ez du zertan hezkuntza ereduetan eraginik izan, Isabel Zelaak jakinarazitakoaren arabera. «Hizkuntzen erabilera ikastetxe bakoitzak erabakiko du, norbere hizkuntza egitasmoaren arabera». Hau da, sailburuak azaldutakoaren arabera, ikastetxe bakoitzak askatasuna izango du nahi duen hizkuntza erabiltzeko bere helburuak gauzatzeko, betiere ikastetxe bakoitzak dituen eskumenen arabera. Ereduen inguruko eztabaida hirueletasunaren inguruko eztabaida egiten denean helduko dela aurreratu du Zelaak.

«Elebitasun orekatua» lortzeko helburuaz gain, hezkuntza sisteman «doktrinatzea» saihesteko neurriak dituzte atzo aurkeztutako dekretu egitasmoek, Zelaaren arabera. «Gure gizartearen aniztasunarekiko errespetua barneratzeko esparrua izan behar du hezkuntzak».

Lau zuzenketa mota

Dekretu egitasmoak idaztean, aurretik zeuden dekretu guztiak aztertu, eta lau motatako «zuzenketak» egin dituzte aipatu helburuak bete ahal izateko. Horietako batzuk teknikoak baino ez dira, «argitasuna» eta «segurtasun juridikoa» bermatzeko helburua dutenak. Beste aldaketa batzuek, curriculumen edukietan aldaketak behartuko dituzte.

Argitasunak eta zientziak eskatzen duen «zorroztasuna» lortzeko neurrien artean, «adibide adierazgarriena» Euskal Herria terminoaren erabilera dela uste du Isabel Zelaak. Kasu batzuetan, hizkuntzari eta kulturari buruzko esparruetan, termino horri eutsi egin diote dekretu egitasmoetan. Beste kasu batzuetan, ordea, Euskadi edo Euskal Autonomia Erkidegoa terminoekin aldatu da, eta, batzuetan, guztiz ezabatu da. «Kasu batzuetan gehiegi erabiltzen zen, eta ez zuten terminoa begirunez tratatzen».

Hizkuntzaren alorrean «gehiegikeriak» saihesteko eta adostasunak lortzeko zuzenketen artean, helburuei buruzko «erreferentzia desegokiak» ere kendu dituzte, Zelaaren arabera. «Etsipena» sor zezaketen helburuak zirela dio. Hezkuntza Sailaren eredu berriaren bidez, euskararen erabilera indartzeko ahalegina egingo dela esan du, «gizakien arteko loturak eta harremanak» hizkuntza horretan izan daitezen errazteko. Lan ildo horrek aurreko Hezkuntza Sailak lortutakoak baino adostasun handiagoa lortzeko balio izan duela jakinarazi du Zelaak.

Horrez gain, euskara ikasteko salbuespenak ere modu ezberdinean arautuko direla azaldu du. Ikasle bakoitzaren arabera aztertuko da, irizpide orokorra ezarri beharrean. Euskara eskoletara joateko eta azterketak egiteko aukerekin jokatzeko aukera egongo da. Hala, esate baterako, DBHn hasi den ikasle elebakar batek, eskoletara joan arren, ez du zertan azterketarik egin beharko, arduradunek beharrezkoa ikusten ez badute.

Horrez gain, dekretu egitasmoek giza eskubideen hezkuntzarekin lotutako helburuetan ere aldaketak proposatzen dituzte. «Indarkeriaren ukatzeak modu argian agertu behar du curriculumean, eta ez dezala saihets gure herrian dagoen egoera».

Kritikak

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak egin dituen dekretu egitasmoek, kolokan jartzen dituzte aurreko Eusko Jaurlaritzak «elebitasun erreal baten alde» emandako pauso guztiak, Eusko Alkartasunaren ustez. Ikerne Badiola EAko Komunikazio idazkariaren ustez, berriz, «arduragabekeria larria» da bi hizkuntzak parekatzeko asmoa, eta Euskadiko Eskola Kontseiluak hori zuzentzeko «erantzun biribila» ematea espero du.

«Bi hizkuntzak ofizialak diren arren, desoreka bat dago errealitatean, euskaren kaltetan», gogorarazi du Badiolak. Euskal Herrian dagoen bi hizkuntzen arteko alde hori bukatzeko, euskarari indar handiagoa eman behar zaiola usten du Badiolak. «Zubi hizkuntza nagusia izan beharko luke; ez bakarra, baina bai nagusia, aurreko hezkuntza dekretuek zehazten zuten bezala».

Horrez gain, aurreko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren dekretuek eragile guztien oniritzia izan zutela nabarmendu du Badiolak, «eskola publikoan zein hitzartutakoan», eta hori ezkutatzeko nahia egotzi dio Zelaa sailburuari. Hortaz, ikastetxeetan egon zitekeen «doktrinatze nazionalista» aipatzea «iraingarria» dela kritikatu du.

Azkenik, Euskal Herria terminoaren erabileraren aldeko jarrera berretsi du Badiolak, eta Gernikako Estatutuko lehen artikuluan bertan horrela agertzen dela gogorarazi dio Zelaari.




Datorren ikasturterako indarrean egongo dela uste du Zelaak



Atzo bertan bidali zituen Hezkuntza Sailak curriculum dekretuen egitasmoak Euskadiko Eskola Kontseilura, Gobernu Kontseiluan onartuak izan aurretik iritzia emateko. Hala, atzo aurkeztutako egitasmoak datorren urtera arte ez direla onartuko azaldu zuen atzo Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak. Hau da, egitasmoan araututakoa datorren ikasturtera arte ez da indarrean jarriko.

Dekretu egitasmoak Euskadiko Eskola Kontseilura bidaltzeaz gain, zeresana duten bestelako eragileei ere helaraziko zaizkie, Emakunderi kasu, zuzenketak egiteko. Bitartean bi hilabete inguru igaro daitezkeela uste du Zelaak, eta, horren ostean, Gobernu Kontseiluak onartuko dituela.

martes, 6 de octubre de 2009